}

2016/11/21

Emakumeen aurkako indarkeriarik EZ (2016)

"Beti-bezperako koplak" Laburmetraia (2016)
Bertsolaria: Maialen Lujanbio (Hernani, 1976-)
Zuzendaria/Koordinatzailea: Begoña Vicandio

"Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz —non jendea eta bertsolariak etxez etxe joaten diren festa giroan, koplak kantatzen makilek ezarritako erritmoan—, Maialen Lujanbio bertsolariak genero idarkeriaren salaketa gordina egiten du. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dira, bai eta hura gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla hauek aitzaki hartuta, hogei euskal artista gaztek sortze-lan kolektibo bat zuzentzen dute animazio teknika ezberdinak erabiliz" (Kimuak) 

Laburmetraia: Beti-bezperako koplak

Santa Ageda eguna,
beti bezpera duguna.
Ohitura batzuei ez zaie inoiz
iristen biharamuna.

Ezetza jaso zuen arrak,
gizonak, jainko lurtarrak.
Eta Ageda gure martiriari
moztu zizkion bularrak.

Aterik ate kantari gatoz,
makil eta ahots ozen gu.
Etxe honetako nagusi jaunak
etxeko andrea jotzen du.

Kolpe eta kolpe aldaba,
hotsa mututuz ahal bada.
Baserri honetako osaba zaharrak
erabiltzen du alaba.

Kalean jator zeharo,
etxean dena birao.
Senar onaren labanak zeuzkan
odol gorrizko bi aho.

Leihotik bota du haurra,
kolpez hausten da intxaurra.
Boterea ez da hainbeste aldatu
hogei mendetatik gaurra.

Aurrera goaz dena aldatzen da,
denbora pasa heinean.
Dena aldatzen da aldatzen ez den
oinarri baten gainean.

Beste zulo bat kiroldegian,
aldagela ohi den gizondegian.
Zulo bat berriz kiroldegian,
aldagela bat den andrategian.
Begi nini bat zulo erdian,
iltze zorrotz baten punta begian.

Labana zorrotz aortan,
garrasi min bat ahotan.
Zuhaitzak gizon bihurtzen dira
pasadizo itzal horretan.

Talde erasoan hiena,
pizti bakarrak nahiena.
Territorioa markatu nahia
Coloniako haiena.

Kalashnikov, bonba, makil,
bizitza merkeegi dabil.
Gerran gizonak hiltzen dituzte
andreak bortxatu eta hil.

Atseden bat eskopetak,
botak kendu eta apretak.
Neska gazte bat mereziko du
gudariaren apetak.

Adios orain esaten diot,
Santa honekin batean.
Beti bezperan bizi gaitezen
zorionez eta bakean.


2016/11/10

Erromako Santa Zezilia, musikarien babeslea


Dakizuenez, azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatzen da. Santa Zezilia tradizionalki musikarien babeslea da eta musika-jarduera asko antolatzen dira egon hori ospatzeko mundu osoan. Baina, nondik dator ohitura hori? Ikerketa historikoa proposatzen dizuet... 
- Nor izan zen Santa Zezilia?
- Zergatik da musikarien babeslea?
- Musikaren historian, zein konposagilek santa horri musika-lanaren bat dedikatu diote?

Bidali erantzunak posta elektronikoz. Anima zaitezte!


2016/11/04

Musika irratian

1. Soinu-baliabideak:

Hedabide honen hizkuntzan lau balibide nagusi daude:
1. Ahotsa
2. Musika
3. Soinu-efektuak
4. Isilunea 

Irratsaioaren arabera, osagai bakoitzak daukan garrantzia desberdina izango da. Guri dagokigunez, hau da, musika, argi dago musika eta irratiaren arteko harremana oso estua izan dela. Zaila izango zaigu zelan izango zen hedabide hori musika barik. Berri saioetan, kirol irratsaioetan, tertulietan, iragarkietan... beti hor dago musika. Gaur egun irratsaio askotan musika da lehengaia (Cadena 40, Cadena Dial, Radio Clásica, Rock FM...
Gaur egun, musikaren erabilera irratian aztertzen badugu, egoera anitzak topa ditzakegu: abesti osoa entzun daiteke, doinua soilik fondoan entzuten da aurkezleak hitz egiten duen bitartean...
Kontuan izan segun eta zein elementurekin nahasten den (ahotsa, efektuak...) musika irratian bere esanahia alda daitekela. 





2.Musikaren funtzioak irratian

2.1. Sintatiko-gramatikala: Musika erabiltzen da saioaren edukiak eta atalak antolatzeko. Atal musikalak laburrak dira eta, orokorrean, albistegietan funtzio hori dauka.
a) Sintonía: Saioaren hasieran eta amaieran (15-30 segundu) entzuten da. Saioa identifikatzeko erabiltzen da eta saioari buruzko informazioa ematen dio entzuleari. Musika bakarrik edo ahotsarekin (saioaren izenburua, aurkezlea, ordutegia, eguna...); azken kasu honetan "Kareta" du izena.


b) Gortina: Saio bateko atalak banatzeko erabiltzen da (10-15 segundu). Batzuetan, sintoniatik ateratako esaldi musikalak dira. 


c) "Soinu-pirrinta" (Ráfaga): Saio bateko atalak banatzen ditu, baina gortinak baino laburragoak dira (5 segundu inguru), aldaketak arinagoak egiteko, adibidez, berri batetik bestera pasatzeko. 




d) Kolpe musikala: Zati oso laburra (2-3 segundu) entzuleen arreta deitzeko edo esaldiak banatzeko (adibidez, kirol berrietan, talde zehatz bati buruzko berri desberdinak) 


2.2. Funtzio programatikoa:  
Musika saioaren eduki nagusia da. Irratsaio espezifikoak: estilo bati buruz, zuzenezko kontzertuak...

Ariketa: Bilatu Interneten 10 irratsaio edo emisora musikalak, eta azaldu zein den eduki nagusia.

2.3 Funtzio deskriptiboa:
- Leku bat, giro edo egoera bat deskribatzeko "errealitate" horren musika erabiltzen da. 

- Mentalki musikak mugitzen gaitu leku edo egoera batera (Salsa entzutean Kubara, adibidez)
- Giro zehatza nahita sortzeko, emozio zehatzak sortarazteko.
"Irrati-eleberriak" edo "Irrati-antzerkiak"

3. Musika irratiko iragarkietan 
    
      Irratia telebista baino zaharragoa denez, lehenego publizitate iragarkiak irratian igortzen ziren. 
      Produktuaren irudia erabiltzea ezinezkoa denez, soinuaren arloa oso garrantzitsua izango da iragarkiaren helburua lortzeko (marka gogoratu, produktuaren onurak ezagutu...). 
      Doinu itsaskorrak eta errazak gogoratzeko erabiltzen dira, markaren izena etengabe errepikatzen da, produktua eta musika guztiz identifikatu arte.






2016/10/21

Creative Commons lizentzia

      Askotan gure ikerketa lanak egiteko material multimedia erabiltzen dugu, adibidez: irudiak, testuak, bideoak, kantak...  Eta gehienetan ahazten zaigu material horiek beste pertsona batek eginak daudela, hau da, AUTOREa daukatela. Gerta daiteke material horiek babestuta daudela LIZENTZIA batez bidez (Copyright, esaterako) eta ez daukagu baimenik material hori erabiltzeko; izan ere, ilegala izan daiteke. Lizentzia batzuetan baimena eskatu behar dugu eta dirua ordaindu.
      Sarea amaitezina denez eta materialak guztiz babestuta egotea sentzurik ez daukanez, lizentzia forma berriak sortu dira. Horietan, autore baten oinarrizko eskubideak errespetatzen dira baina informazioa askeago partekatu ahal da. Gogoratu, guztiok autoreak izan ahal garela eta publikazioetan, araututa dago aipatu behar dugula nondik atera dugun informazioa.


Copyright vs. Copyleft


Creative Commons






2016/10/04

Google Gmail

Institutuak Google kontuaren pasahitza aldatzeko (xxx@laudioinstitutua.net) hurrengo jarraibideak eskura dituzue:

Sartu Google bilatzailean eta hasi saioa:








2016/09/27

Facebook musikaren historian

DBHko 3. mailan musikaren historia nagusiki jorratzen denez, sormena eta IKTak nahasten diren ataza proposatzen dugu.
Musikaren historiako konposagileak bizirik egongo balira, nolakoak izango ziren haien Facebook profilak? Zer partekatuko zuten? Zeintzuk izango ziren haien lagunak? Zelan bilatu informazio egokia sarean? Zein tresnak erabili?

1. Atazaren helburuak
  • Sarean dauden baliabideak erabiltzen ikastea informazio zuzena eta egokia lortzeko.
  • Gaur egungo teknologia berriak lehenaldira eramatea, irudimena erabiliz.
  • Musikaren historiako konposagileak eta haien testuingurua hobeto ezagutzea.
Proiektuaren proposamena da musikaren historiako konposagile baten Facebook profila sortzea. Horretarako "Fakebook" online aplikazioa erabiliko da. Online app horren bidez benetazko Facebook profila imitatu daiteke fikziozko bat sortuz.

2. Jarraibideak
  1. Ataza banaka egin beharko da.
  2. Aukeratu irakasleak proposatutako aro artistikoaren konposagile bat.
  3. Bilatu konposagile horren daturik aipagarrienak profila betetzeko: 
  • Jaiotze data eta lekua
  • Familiakideak
  • Harekin lotutako argazkiak (profila eta fondoa betetzeko). Argazkiak deskargatu beharko dituzu geroago profilara igotzeko.
  • Bere garaiko beste konposagileak ("lagunak" edukitzeko)
  • Bizitzaren gertakizunik aipagarrienak ("post" berriak idazteko)
3. Informazioaren bilaketa Sarean

a) Bilatzaile bat baino gehiago erabili (mundua ez dago soilik Google-n)
b) Bilatu nahi duzun informazioa era egokian aipatu (hitzak erabili, ortografia zaindu, iturri fidagarriak direla ziurtatu...)
c) Informazioaren kudeaketa:
  • Ez badugu aurkitu nahi genuen informazioa, bilaketaren irizpideak aldatu eta jaso dugun informazioa ez bada nahikoa, bilaketa zabalagoa egin
  • Egile-eskubideak eta produktuen erabilerarako lizentzia-motak kontuan hartu behar ditugu eta iturriak aipatu behar dira (egiletza adierazteko eta ea informazio-iturria fidagarria den ala ez aztertzeko)
  • Adi egon Fake News-ekin. Informazio-iturri desberdinak kontsultatu eta aztertu datuen arteko desberditasunak, sinesgarriak diren ala ez, informazioa eguneratuta dagoen ala ez...
d) Planifikatu bilaketa: zer jakin behar dut? zertarako? zein tresna/k? nola galdetu? zer hitz-gako erabili?

4. Beste ohar batzuk ataza egiteko:

Fakebook aplikazioa pixkat berezia da; beraz, musikagilearen argazkiak igo ahal izateko, lana hasi behar duzue postak idazten (Add a post). BOST post (mezu) sortu beharko dituzue eta ondoren GORDE (Save) beharko duzue. Hori behin eginda profileko eta fondoko argazkiak jarri ahalko dituzue.

Zer idatzi postetan? Benetazko datuetan oinarrituta konposagilearen laguneei berriak eman behar dizkiezue: lan baten estrenaldia, kontzertuak, argitalpenak, lanpostu berria, gertakizun pertsonalak (ezkontza, seme-alaben jaiotza...). 
Bideoak edo argazkiak ere txerta ditzakezue berriarekin batera.
Imajina ezazue konposagile hori benetan bizirik dagoela eta bere garaian sare sozialak ere existitzen zirela... Beraz, sinesgarria izan behar da. Zaindu datuen zuzentasuna!

OHAR GARRANTZITSUA!!! Postak gordetzean agertuko zaizue URL urdina, hau da, lanaren helbideaInon gordeko ez denezgogoratu Word edo Drive Docs dokumentu batean gordetzeko. Bestela lana galduko da eta ezingo duzue berriro sartu edo aldaketak egin. 

5. Ebaluaziorako irizpideak eta lorpen adierazleak
  • Datu zuzenak eta egokiak (anakronismo eza, irudi zuzenak...) azaltzen ditu.
  • Ortografia egokia.
  • Diseinuaren atalak betetzen ditu.
  • Post landuak eta sinesgarriak sortu ditu.
  • Entregatutako dokumentuan informazio-iturriak era egokian aipatzen dira.
6. Fakebook aplikazioaren azalpena

Aplikazioan sartzeko klikatu Fakebook

1. Hasierako pantaila:


2. Profilaren itxura aldatu informazioa sartzean. Gogoratu, BOST post idatzi ondoren fondoko irudia ere alda dezakezue.


3. Postak idatzi. Gogoratu pertsonaiak konposagilearen garaikoak izan behar direla, "anakronismoak" sahiestu!

4. Profilaren itxura fondoko irudiarekin:


5. Gogoratu LAGUNAK gehitzeko. Izena eta profilaren irudia agertu beharko dira.



6. Behin lana amaituta klikatu SAVE eta hor behen dagoen pantaila agertuko zaizue. Agertzen den helbide urdina zuen profilaren URLa izango da. Inon gordeko ez denez, gogoratu Word edo Drive Docs dokumentu batean URL-a gordetzeko. Bestela ezingo duzue berriro sartu edo aldaketak egin. 


Helbide hori bidali beharko didazue nire posta elektronikora

Aurreko ikasturteko ikasleek egindako profilak:


2016/09/07

Ongi etorri!!

Ikasturte berri bat hasten da. Espero dut musika ikasgaiaz asko disfrutatzea eta ikastea. Ez zaizue zaila izango, musika barnean dugu eta!!
Animo musikagileak!!!!


2016/06/28

Nire aste musikala

"Nire aste musikala" jardueraren helburua da musikaren karakterea ezagutaraztea; hau da, zelan musikak adierazten, zehazten edo laguntzen ditu mota guztietako sentimenduak, sentsazioak edo iritziak.


Lanaren jarraibideak:
            • Astegun guztietan pentsatu eta idatzi egun horrek sortzen zaitun emozioa.
            • Interneten bilatu duzue emozio horrekin bat datorren irudi bat.
            • Ondoren, irudi eta emozio bakoitzari kanta bat lotuko diezue.
            • Banakako lana denez, bakoitzak bere astea izango du, bakarra eta berezia. Guztiok ez gara berdin sentitzen astelehenetan edo larunbatetan, ezta? eta egun guztiek itxura eta "soinu" desberdinak dituzte...
Proiektua egiteko, PADLET online aplikazioa erabiliko duzue. Hona hemen, aplikazioa erabiltzeko azalpena: Padlet jarraibideak




Lanaren egitura eta ebaluaziorako irizpideak:

1. Astegun bakoitzeko izena, irudia eta azalpena (emozioa edo sentsazioa) agertzen dira.
2. Ortografia zuzena. Notarako kontuan hartuko da.
3. Emozio/sentsazioa, aukeratutako irudia eta musikaren arteko loturak argia eta egokia izan beharko dira
4. Izenburua ("Nire aste musikala") eta ikaslearen datuak (Izena, abizena eta taldea) lanean idatzita daude.
5. Lana era egokian bidali du.

(2. bertsioa)

Ariketa egiteko PIZAP eta THINGLINK aplikazioak erabiliko ditugu. Hona hemen estekak jarraibideekin: 
Pizap eta Thinglink

PIZAP: Aplikazioan aritzeko Erregistratu (Sign up) institutuko kontuarekin. Horrela egindako lanak gordeta izango dituzu.


Sortu Collagea


Hautatu nahi duzun txantiloia. PRO adierazpena duten laukiek ez dira dohainik.

Ezkerreko menuan aukera anitzak dituzue collagea apaintzeko.


1. atala:
Sortu astebeteko collagea. Astegun bakoitzeko lauki bat eta azken bat lanaren izenburuarekin eta zuen datuekin. Laukitxo bakoitzean astegunaren izena (Text) eta fondoa (Add photo) sortu beharko duzue. Nahi baduzue argazki batekin ere irudikatu ahal duzue. Behin lana amaituta, Save.



2. atala: Thinglink-en, txertatuko duzue astegun bakoitzeko aukeratu duzuen kantaren bideoa. Bideo bakoitzean ohar moduan, azaldu behar da zergatik aukeratu duzun kanta hori, zer emozio sortzen zaitun. Sagua gainean kokatzean, azalpen hori agertuko da bideoarekin batera. 

2016/05/12

Musika-tresnak 2.0 (Smore)

Helburua: Proiektu honetan poster multimedia bat egiten ikasiko duzue. Multimedia denez, postalean argazkiak, bideoak, estekak... agertuko dira. Horretarako, on-line aplikazio berri bat erabiliko dugu: Smore

Gaia: Munduko musika-tresnak. Aukeratu beharko duzue beste kulturako musika-tresna bat postala egin musika-tresna horretako informazioa aurkeztuz. Ez da gure orkestrako musika-tresna bat izan behar.

Smore aplikazioa erabiltzeko jarraibideak: esteka SMORE



Institutuko kontua erabili behar duzue: xxxx@laudioinstitutua.net


Ondoren, START A NEW FLYER sakatu eta START FROM BLANK lanaren osagaiak gure erara egituratzeko.




Lanaren diseinua egituratzeko, eskuineko menuan aukera anitzak dituzue.

Posterrean jar daitezkeen osagaiak:
  • TEXT: Atal baterako izenburua eta informazioa.
  • PICTURE: Argazki handi bat edo argazki bilduma.
  • EVENT: Ekitaldi baterako informazioa (lekua, data...)
  • AUDIO: entzunaldi baten esteka (URLa)
  • EMBED LINK: web orri bateko, Youtubeko edo Vimeoko estekak 
  • FORM: Google galdetegia
  • TITLE: Beste izenburu bat
  • GALLERY: Argazki bilduma izenburuekin eta informazioarekin
  • BIO: Pertsona baten datuak (helbidea, profilak...)
  • VIDEO: Youtube edo Vimeoko bideoak 
  • BUTTON: Botoi interaktiboa (izena eta esteka batera)

Diseinua aldatzeko, osagaiak mugikorrak dira. Klikatu horren gainean eta mugitu.
Informazioa automatikoki gordetzen da!

Lanaren atalak:

- Musika-tresnaren izena
- Herrialdea 
- Sailkapen orokorra
- Historia
- Ezaugarriak
- Argazkiak (3 gutxienez)
- Bideoak (2 gutxienez)

Eredua

Bidaltzeko prozedura: Kopiatu goiko URLa eta bidali nire posta helbidera.

Ebaluazio irizpideak

- Musika-tresnari buruzko informazioa egokia eta zuzena da.
- Ortografia zuzena da.
- Diseinu landua eta mota anitzeko materialak aurkezten ditu.
- Izena, abizena eta taldea idatzita dago.


2016/04/27

Musika hedabideetan

  • Helburuak: musikaren eta irudien arteko harremanak aztertzea, musikaren funtzioak zineman eta publizitatean desberdintzea eta informazio-iturriak autonomiaz erabiltzea.
  • Prozedura: Bi ikerketa lan egin beharko dira.

1. PROIEKTUA: MUSIKA ZINEMAN

Aukeratu zuen gustoko pelikula baten atala (hasierako izenburuak, akziozko eszena, koreografia edo abesti bat...) eta bilatu zati hori Interneten (Youtuben ziur aski topatuko duzuela). Ez baduzu aurkitzen zatia zehazki, idatzi pelikularen zein minututik zein minutura arte irauten duen eszenak. 

Bilatu pelikularen hurrengo datuak eta Driveko DOC  (testu-dokumentua) batean jasoko dituzu. Ondorengo puntuak ez dituzu orden zehatzean jarraitu behar, gida bat soilik da hasierako ideiak ateratzeko. Behin eginda, antolatu eta idatzi estiloa zainduz (Gomendioa: hasi datu orokorrak edo errepikatzen direnak kokatzen eta gero datu zehatzak, iritziak...)

1. Testuingurua
- Pelikularen izenburua, zuzendaria, urtea, herrialdea, generoa.
- Aukeratu duzun zatiaren URLa edo zatiaren minutajea (nik adibidea ikusi ahal izateko)

- Musika originala, maileguzkoa edo moldatua.
- Musikaren konposagilea/k. Musikagile horrek parte hartu duen beste filmak.
- Beste datu aipagarririk? (gertakizunak grabazioan...)

2. Musika zelan agertzen den eszenan: diegetikoa edota inzidentala. Argudiatu.

3. Musikaren funtzioak eta sinbolismoak (deskribatu musikaren eta istoriaren arteko lotura)
- Espresiboa: eszenaren emozioan sartzen laguntzen gaitu.
- Pertsonaiaren nortasunaren deskripzioa da (leitmotiv).
- Mugimenduak edo soinuak indartzen ditu.
- Uneak edo eszenak lotzen ditu (flashback, denbora luzean gertatutako egoerak...)
- Narratiboa: testuingurua ematen dio eszenari (lekua, aroa...)
- Sinbolismoak aztertu (erritmoa, doinua, bolumena, tinbrea...)

4. Balorazio pertsonala:
- Gustuko ditugun osagaien kalitatea baloratu.
- Eszenaren osagairik bitxienak.
- Iritziek azalpena egoki ixten dute

Lana behin amaituta, Drivez nirekin partekatu 



2. PROIEKTUA: MUSIKA PUBLIZITATEAN

Aukeratu zure gustukoa den iragarki bat eta bilatu bideoa Interneten. 
DRIVEn aurkezpeneko zure diapositiban ondorengo datuak eta iragarkiaren analisia idatziko dituzu: 

1. Iragarkiaren informazioa
a) Produktua / Marka
b) Slogan (esaldia, leloa…)
c) Iragarkiaren zergatia (data zehatz baterako?) eta istorioa (laburbildu
zer gertatzen den iragarkian: egoera, pertsonaiak, gertakizunak…)
d) Nori dago zuzenduta (generoa, adina…). Zergatik uste duzu zuk hori?

2. Musikaren azterketa
e) Zenbat musika/k desberdin entzuten dira?
f) Aldatuz gero, noiz aldatzen da musika? Aldaketak lotura dauka istorioarekin?
g) Musikaren karakterea (sortzen zaizkizun sentsazioak, emozioak...) eta eszenekin / istorioarekin duen harremana
h) Musikaren jatorria (maileguzkoa edo originala) eta erabilera mota (jingle, cover, moldaketa…)
i) Musikaren konposagilearen datuak
j) Zer musika-mota da? (estiloa: pop, rock, klasikoa…. / instrumentala, ahozkoa, ahozko-instrumentala)

Hurrengo web orrietan iragarkien musikari buruzko datuak topa ditzakezue:
https://cancionesdetelevision.com/
http://www.lascancionesdelatv.es/

3. Balorazio pertsonala:
Zure ustez, iragarkian erabiltzen den musika egokia da produktu hori aurkezteko?


Ez didazue ezer bidali behar, nik baimena daukat aurkezpeneko diapositibak ikusteko eta zuzentzeko. 

LANAREN ADIBIDEA:



2016/04/13

Musika-hizkuntza


Soinuen bidez pentsatzen edo sentitzen duguna komunikatzeko, duela urte asko gizakiok hasi ginen egituratzen kodigo berri eta berezi bat: musika-hizkuntza. Erronka ez zen makala, paperean idatzita uztea gure buruetan zeuden doinuak, erritmoak, harmoniak... Apurka-apurka hizkuntza hori joan zen egituratzen gaur egun ezagutuko duzuen kodigo horretara heldu arte.

Hemen dituzue unitatearen kontzeptu-mapak:




Bideoa: Konpas sinpleak eta osatuak

Hemen uzten dizkizuet online jolas batzuk musika-hizkuntzaren edukiak lantzeko eta hobetzeko:


DIKTAKETAK