}

2016/11/21

Emakumeen aurkako indarkeriarik EZ (2016)

"Beti-bezperako koplak" Laburmetraia (2016)
Bertsolaria: Maialen Lujanbio (Hernani, 1976-)
Zuzendaria/Koordinatzailea: Begoña Vicandio

"Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz —non jendea eta bertsolariak etxez etxe joaten diren festa giroan, koplak kantatzen makilek ezarritako erritmoan—, Maialen Lujanbio bertsolariak genero idarkeriaren salaketa gordina egiten du. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dira, bai eta hura gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla hauek aitzaki hartuta, hogei euskal artista gaztek sortze-lan kolektibo bat zuzentzen dute animazio teknika ezberdinak erabiliz" (Kimuak) 

Laburmetraia: Beti-bezperako koplak

Santa Ageda eguna,
beti bezpera duguna.
Ohitura batzuei ez zaie inoiz
iristen biharamuna.

Ezetza jaso zuen arrak,
gizonak, jainko lurtarrak.
Eta Ageda gure martiriari
moztu zizkion bularrak.

Aterik ate kantari gatoz,
makil eta ahots ozen gu.
Etxe honetako nagusi jaunak
etxeko andrea jotzen du.

Kolpe eta kolpe aldaba,
hotsa mututuz ahal bada.
Baserri honetako osaba zaharrak
erabiltzen du alaba.

Kalean jator zeharo,
etxean dena birao.
Senar onaren labanak zeuzkan
odol gorrizko bi aho.

Leihotik bota du haurra,
kolpez hausten da intxaurra.
Boterea ez da hainbeste aldatu
hogei mendetatik gaurra.

Aurrera goaz dena aldatzen da,
denbora pasa heinean.
Dena aldatzen da aldatzen ez den
oinarri baten gainean.

Beste zulo bat kiroldegian,
aldagela ohi den gizondegian.
Zulo bat berriz kiroldegian,
aldagela bat den andrategian.
Begi nini bat zulo erdian,
iltze zorrotz baten punta begian.

Labana zorrotz aortan,
garrasi min bat ahotan.
Zuhaitzak gizon bihurtzen dira
pasadizo itzal horretan.

Talde erasoan hiena,
pizti bakarrak nahiena.
Territorioa markatu nahia
Coloniako haiena.

Kalashnikov, bonba, makil,
bizitza merkeegi dabil.
Gerran gizonak hiltzen dituzte
andreak bortxatu eta hil.

Atseden bat eskopetak,
botak kendu eta apretak.
Neska gazte bat mereziko du
gudariaren apetak.

Adios orain esaten diot,
Santa honekin batean.
Beti bezperan bizi gaitezen
zorionez eta bakean.


2016/11/10

Erromako Santa Zezilia, musikarien babeslea


Dakizuenez, azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatzen da. Santa Zezilia tradizionalki musikarien babeslea da eta musika-jarduera asko antolatzen dira egon hori ospatzeko mundu osoan. Baina, nondik dator ohitura hori? Ikerketa historikoa proposatzen dizuet... 
- Nor izan zen Santa Zezilia?
- Zergatik da musikarien babeslea?
- Musikaren historian, zein konposagilek santa horri musika-lanaren bat dedikatu diote?

Bidali erantzunak posta elektronikoz. Anima zaitezte!


2016/11/04

Musika irratian

1. Soinu-baliabideak:

Hedabide honen hizkuntzan lau balibide nagusi daude:
1. Ahotsa
2. Musika
3. Soinu-efektuak
4. Isilunea 

Irratsaioaren arabera, osagai bakoitzak daukan garrantzia desberdina izango da. Guri dagokigunez, hau da, musika, argi dago musika eta irratiaren arteko harremana oso estua izan dela. Zaila izango zaigu zelan izango zen hedabide hori musika barik. Berri saioetan, kirol irratsaioetan, tertulietan, iragarkietan... beti hor dago musika. Gaur egun irratsaio askotan musika da lehengaia (Cadena 40, Cadena Dial, Radio Clásica, Rock FM...
Gaur egun, musikaren erabilera irratian aztertzen badugu, egoera anitzak topa ditzakegu: abesti osoa entzun daiteke, doinua soilik fondoan entzuten da aurkezleak hitz egiten duen bitartean...
Kontuan izan segun eta zein elementurekin nahasten den (ahotsa, efektuak...) musika irratian bere esanahia alda daitekela. 





2.Musikaren funtzioak irratian

2.1. Sintatiko-gramatikala: Musika erabiltzen da saioaren edukiak eta atalak antolatzeko. Atal musikalak laburrak dira eta, orokorrean, albistegietan funtzio hori dauka.
a) Sintonía: Saioaren hasieran eta amaieran (15-30 segundu) entzuten da. Saioa identifikatzeko erabiltzen da eta saioari buruzko informazioa ematen dio entzuleari. Musika bakarrik edo ahotsarekin (saioaren izenburua, aurkezlea, ordutegia, eguna...); azken kasu honetan "Kareta" du izena.


b) Gortina: Saio bateko atalak banatzeko erabiltzen da (10-15 segundu). Batzuetan, sintoniatik ateratako esaldi musikalak dira. 


c) "Soinu-pirrinta" (Ráfaga): Saio bateko atalak banatzen ditu, baina gortinak baino laburragoak dira (5 segundu inguru), aldaketak arinagoak egiteko, adibidez, berri batetik bestera pasatzeko. 




d) Kolpe musikala: Zati oso laburra (2-3 segundu) entzuleen arreta deitzeko edo esaldiak banatzeko (adibidez, kirol berrietan, talde zehatz bati buruzko berri desberdinak) 


2.2. Funtzio programatikoa:  
Musika saioaren eduki nagusia da. Irratsaio espezifikoak: estilo bati buruz, zuzenezko kontzertuak...

Ariketa: Bilatu Interneten 10 irratsaio edo emisora musikalak, eta azaldu zein den eduki nagusia.

2.3 Funtzio deskriptiboa:
- Leku bat, giro edo egoera bat deskribatzeko "errealitate" horren musika erabiltzen da. 

- Mentalki musikak mugitzen gaitu leku edo egoera batera (Salsa entzutean Kubara, adibidez)
- Giro zehatza nahita sortzeko, emozio zehatzak sortarazteko.
"Irrati-eleberriak" edo "Irrati-antzerkiak"

3. Musika irratiko iragarkietan 
    
      Irratia telebista baino zaharragoa denez, lehenego publizitate iragarkiak irratian igortzen ziren. 
      Produktuaren irudia erabiltzea ezinezkoa denez, soinuaren arloa oso garrantzitsua izango da iragarkiaren helburua lortzeko (marka gogoratu, produktuaren onurak ezagutu...). 
      Doinu itsaskorrak eta errazak gogoratzeko erabiltzen dira, markaren izena etengabe errepikatzen da, produktua eta musika guztiz identifikatu arte.